Harrera egiten duten komunitateak

Bizitzak laguntzen dituzten bizitzak: harrera-komunitateen ekarpenak eta erronkak

Ellacuría Fundazioak “Bizitzak laguntzen dituzten bizitzak – Bizitzan Bidaide: harrera-komunitateen ekarpenak eta erronkak” mahai-ingurua egin zuen Bilbon. Topaketaren helburua egungo migrazio-politiken Europako esparruaz hausnartzea izan zen, baita migratzaile eta errefuxiatu diren pertsona eta familiei laguntzen dieten komunitateen esperientzia zehatzaz ere.

Saioa Ellacuría Fundazioak hogei urteko ibilbidean egindako lanaren eta Bizitzan Bidaide harrera-ereduaren barruan kokatzen da. Eredu hori 2023an aurkeztu zen, Migratzaileentzako Jesuiten Zerbitzuaren esparruan. Proposamenak hiru eragileren arteko harremanetik ulertzen du harrera: migratzaile diren pertsona eta familiak, talde profesionalak eta harrera-komunitateak.

Lehenengo hitzaldia Joana Abrisketa Iriarte Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko katedradunak eskaini zuen. 2024an onartutako Migrazioari eta Asiloari buruzko Europako Itunaren aurkezpen labur eta argia egin zuen, hura osatzen duten erregelamenduak eta harrera-baldintzei buruzko Europako Zuzentaraua bereiziz.

Abrisketak esparru berriaren funtsezko hainbat alderdi nabarmendu zituen: kanpo-mugetako prozedurak indartzea, asilo-prozedurak modu bateratuan arautzea, estatu kideen arteko elkartasun- eta erantzukizun-mekanismoak ezartzea, eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonen harrerarako bermatu beharreko baldintzak zehaztea. Europako araudiak, gainera, harrerari buruzko estandar komunak ezartzen ditu, baita eskatzaileei bizi-maila egokia bermatzeko beharrezkoak diren baldintza materialak ere.

Loturetan oinarritutako eredua

Bigarren zatian, Félix Arrieta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak Bizitzan Bidaide harrera-eredu sendotuaren inguruan egindako lana aurkeztu zuen. Eredua migratzaileei laguntzean, zerbitzatzean eta haien eskubideak defendatzean oinarritzen da.

Eredua triangelu baten bidez irudika daiteke. Hiru erpinetan daude profesionalak, migratzaile diren pertsona eta familiak eta harrera-komunitateak. Azken horiek dira harreraren harreman-dimentsioa bereziki bizitzen den espazioak: esperientziak partekatzen diren, sareak zabaltzen diren eta loturak eraikitzen diren lekuak.

Alderdi esperientzialena Cristina Elcuazek ekarri zuen. Hiru urtez Mambré Etxeko harrera-komunitatean izandako esperientzia partekatu zuen. Bideo baten bidez ere gertutik ezagutu ahal izan zen esperientzia hori, baita pertsona desberdinen arteko topaketak eta elkarbizitzak dakarten aberastasuna ere.

Azkenik, Inés Vicente Loiolaetxeko gizarte-laguntzako teknikariak harrera-komunitateekin egindako lanetik ateratako zenbait ikaskuntza, indargune eta erronka azaldu zituen.

Indarguneen artean, gizarte-sareak zabaltzea, esperientziaren eragin biderkatzailea eta lotura esanguratsuak sortzeko gaitasuna nabarmendu ziren. Aldi berean, zenbait zailtasun ere agertu ziren: oraindik jarrera arrazista edo elkartasunik gabekoek markatutako gizarte-testuingurua eta boluntarioekiko mendekotasuna, haien kopurua eta eskuragarritasuna ez baitira beti nahikoak.

Eredua sendotzen jarraitzeko erronketako bat da laguntza profesionalaren eta harrera-komunitateetan parte hartzen duten boluntarioen eginkizunaren arteko ardurak eta mugak hobeto zehaztea.

Jardunaldiak, beraz, Europako esparru politiko eta juridikoa harrera-esperientzia zehatz batekin lotu zuen. Distantzia edo etsaitasuna susta dezaketen testuinguruen aurrean, Bizitzan Bidaide ekimenak pertsonen bizitzetan bidelagun izango diren harremanak eta komunitateak sendotzea proposatzen du, gizarte abegikorrago bat eraikitzeko.

Jarduerak Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren eta ALBOANen laguntza izan zuen.

Noticias relacionadas