Arancha González Layak eta José Manuel García-Margallok Europaren erronkei buruz hausnartu dute, eta integrazioan aurrera egiteko eta adostasunaren kultura berreskuratzeko beharra defendatu dute.
Deustuko Unibertsitateak bere sorreraren eta Zuzenbide Fakultatearen 140. urteurrena ospatzeko jardunaldia egin du ostegun honetan, urriaren 8an. Bertan, Europaren etorkizunari buruz hausnartu dute, tentsio geopolitikoek, multilateralismoaren krisiak eta polarizazio politiko gero eta handiagoak markatutako nazioarteko testuinguruan.
Topaketan arlo akademiko, politiko eta sozialeko ordezkariak bildu dira. Horien artean izan dira Arancha González Laya eta José Manuel García-Margallo Atzerri Arazoetako ministro ohiak. Ikuspegi desberdinetatik abiatuta, biak bat etorri dira Europako proiektua indartzeko eta elkarrizketarako zein adostasunerako gaitasuna berreskuratzeko beharra azpimarratzean.
Europa, zuzenbidean eta lankidetzan oinarritutako proiektua
Jardunaldiaren irekieran, Juan José Etxeberría Deustuko Unibertsitateko errektoreak erakundearen Europarekiko konpromiso historikoa gogorarazi du. Izan ere, 1979an, Espainia Europako Erkidegoetan sartu baino lehen, Unibertsitateak Europako Ikasketen Institutua sortzea bultzatu zuen.
Errektoreak azpimarratu du Europako integrazioa proiektu ekonomiko edo instituzional hutsa baino askoz gehiago dela. Bizikidetzaren, demokraziaren eta oinarrizko eskubideen babesaren aldeko apustua ere bada.
«Zuzenbidea, besteak beste, desadostasunak modu zibilizatuan kudeatzeko bide bat da», adierazi du. Ildo horretan, boterea mugatzeko, eskubideak babesteko eta desberdin pentsatzen duten pertsonen eta gizarteen arteko bizikidetza ahalbidetzeko duen gaitasuna nabarmendu du.
Integrazio handiagoa erronka globalen aurrean
Joana Abrisketa Nazioarteko Zuzenbideko irakasleak gidatutako elkarrizketan, González Layak eta García-Margallok nazioarteko ordenaren eraldaketak eta potentzia handien arteko lehia gero eta handiagoaren aurrean Europak dituen arriskuak aztertu dituzte.
González Layak Bigarren Mundu Gerraren ondoren eraikitako mekanismo multilateralen ahultzeaz ohartarazi du. Bere ustez, Europak barne-kohesioa, energia-autonomia eta elkarrekin jarduteko gaitasuna indartuz erantzun behar dio egoerari, bere printzipio demokratikoei uko egin gabe.
Bestalde, García-Margallok adierazi duenez, «ez gaude aldaketen garai batean, garai-aldaketa baten aurrean baizik». Haren iritziz, integrazio politiko sakonago baterantz aurrera egitea beharrezkoa da, Europak munduko agertoki berrian garrantzia gal ez dezan.
Biak bat etorri dira Europako etorkizunak lankidetza handiagoa, erabakiak elkarrekin hartzeko gaitasun sendoagoa eta adostasunaren kultura berritua eskatzen dituela adieraztean. Ibilbide politiko desberdinak izan arren, bien arteko elkarrizketa entzuteko, desadostasunak adierazteko eta elkarguneak bilatzeko aukeraren adibide gisa aurkeztu da.
Espainiaren berrogei urte Europan
Jardunaldian mahai-inguru bat ere egin da, Espainiak Europako Erkidegoetan sartu zenetik igarotako berrogei urteen balantzea egiteko. Bertan, erakundeen, enpresen eta unibertsitatearen arloko ordezkariek parte hartu dute, Jaime Oraá errektore ohia moderatzaile zutela.
Ospakizunak Deustuko Unibertsitatearen ibilbidean errotuta dagoen uste sendo bat berresteko balio izan du: hezkuntza, elkarrizketa eta lankidetza funtsezko tresnak dira desberdintasunak kudeatzeko eta gure garaiko erronkei erantzun partekatuak bilatzeko gai diren gizarte demokratikoak eraikitzeko.





