50 ikasle inguruk parte hartuko dute Valladoliden egingo den hitzorduan. Jesusen Lagundiaren lau ikastetxe nagusietako gazteak elkartuko dira, kirola eta elkarbizitza ardatz hartuta.
Deustuko Ikastetxe Nagusiak abian du UNIJES kirol txapelketaren bosgarren ediziorako sailkapen fasea. Urriaren 14tik azaroaren 16ra, Bilboko ikastetxe nagusiko kirol pistetan jokatzen ari dira bertako ordezkariak erabakitzeko partidak.
Kanporaketetan 19 taldek parte hartzen dute: areto futbolean, gizonezkoen sei taldek eta emakumezkoen bostek; saskibaloian, berriz, gizonezkoen hiruk eta emakumezkoen bostek. Horiei osatzen ari den boleibol talde mistoa gehituko zaie. Azken ordezkaritza bost taldek osatuko dute: emakumezkoen eta gizonezkoen bosnako futbol talde banak, emakumezkoen eta gizonezkoen saskibaloi talde banak eta boleibol talde mistoak.
50 ikasle inguru joango dira otsailaren 13an Valladolidera. Txapelketa Valladolideko Unibertsitatearen Fuente La Mora kirol instalazioetan egingo da. Lau ikastetxe nagusik parte hartuko dute: Valladolideko Menéndez Pelayok, anfitrioi gisa; Santiago de Compostelako San Agustínek; Madrilgo Loyolak eta Deustuk.
Deustuko taldea iaz lortutako txapeldun titulua berritzeko ilusioz arituko da. Kirol erronkarekin batera, elkar ezagutzeko, esperientziak partekatzeko eta Jesusen Lagundiaren ikastetxe nagusietan bizi eta hezten diren gazteen arteko loturak sendotzeko aukera eskainiko du topaketak.





