Loiolako Plataforma Apostolikoak bat egin du Espainiako Jesusen Lagundiaren kanpaina berriarekin, toki bakoitzean oinak jarrita eta mundura begirada zabalik bizitzeko gonbidapenarekin.
Irailarekin batera, Loiolako Plataforma Apostolikoko obra eta komunitate askok ikasturte berriari ekin diote. Klaseak, topaketak, pastoral jarduerak eta gizarte-proiektuak berriro abiatzen ari dira; beste presentzia batzuek —Gogo Jardunen etxeek, esaterako— udan ere jarduera bereziki bizia izan dute.
Ikasturtea oso errealitate desberdinetatik hasten dugu, baina misio bera partekatuz: pertsonei laguntzea, Ebanjelioa iragartzea eta gure garaiko erronkei erantzutea. Leku, egiteko eta pertsonen aniztasun hori da, hain zuzen ere, Espainiako Jesusen Lagundiaren komunikazio-kanpaina berriaren abiapuntua: «Unibertsalak, bokazioz».
Adierazpen horrek Jesusen Lagundiaren hastapenetatik presente egon den intuizio batera garamatza. Jeronimo Nadalek, Ignazioren lehen lagunetako batek, indar guztia gordetzen duten hitz hauetan laburbildu zuen: «Gure etxea mundua da». Horrek ez du esan nahi leku guztietan egon behar dugunik; errealitateari zabalik bizitzea baizik, hark interpelatzen utziz eta gehien behar gaituzten tokietan zerbitzatzeko prest.
Loiolako Plataforma Apostolikoan, bokazio unibertsal hori Kantabria, Errioxa, Euskadi eta Nafarroako komunitate, obra eta pertsonengan gorpuzten da. Ikastetxeek, unibertsitateak, gizarte- eta pastoral-zentroek, santutegiek, jesuiten komunitateek eta espiritualtasun-guneek egiteko desberdinak dituzte, baina guztiek misio bera partekatzen dute.
Enric Puiggròs SJ Espainiako probintzialak dioen bezala, «ikasturte bakoitzak berriro galdetzera gonbidatzen gaitu: non zain gaituen gaur Jaunak, eta nola erantzun diezaiekegun eskuzabaltasunez gure garaiko erronkei». Galdera horrek ez du erantzun bakarra, eta ezin da gure bidean aurkitzen ditugun pertsona eta egoera zehatzetatik aparte egin.
Errealitatean gauzatzen den misioa
Bokazioz unibertsalak izateak obra, sektore edo ardura bakoitzaren mugetatik harago begiratzen ikastea esan nahi du. Halaber, gero eta konplexuagoa den errealitateari presentzia bakar batek ezin diola bere kabuz erantzun aitortzea.
PA Loiolaren 2026-2028rako lehentasun apostolikoek bide hori egiten lagundu nahi digute. Fede-esperientzia eta inaziotar espiritualtasuna berritzera gonbidatzen gaituzte, elkartzeko eta fedea transmititzeko modu berriak bilatuz; gizartean presentzia eraldatzailea sustatzera, ospitalitatea eta Etxe Komunaren zaintza indartuz; eta misioa, erantzukizuna eta bereizketa partekatzeko gai den gorputz apostolikoa sendotzera.
Dei horiek esperientzia zehatzetan ikus daitezke dagoeneko. Irailaren hasieran, lau gaztek Bilbon nobiziatua hasi zuten, eta beste bostek lehen botoak egin zituzten Loiolan. Plataformako Kontseilu Zabalduak berriro kokatu zituen erdigunean misio partekatua eta misio-komunitateak. Datozen asteetan, EcoLoiola, Ospitalitate Bideak eta Inaziotar Familiaren topaketak bezalako ekimenek zaintzeko, laguntzeko, fedea ospatzeko eta justiziaren alde lan egiteko modu desberdinak erakusten jarraituko dute
Esperientzia bakoitzak bere aurpegia eta bere historia ditu. «Unibertsalak, bokazioz» kanpainak haien arteko lotura aurkitzen lagundu nahi digu: dei bera da, baina forma desberdinak hartzen ditu lekuen, pertsonen eta beharren arabera.
Ikasturtean zehar, PA Loiolaren komunikazio-kanalek historia horietako batzuk partekatuko dituzte. Ez dugu egiten duguna bakarrik kontatu nahi; misioa gure errealitatean nola zabaltzen den antzeman eta hark zer galdetzen digun entzun nahi dugu.
Toki bakoitzean oinak jarrita eta mundura begirada zabalik, ikasturte berriari ekingo diogu, errealitateak behar gaituen tokian entzuten, bereizten eta zerbitzatzen jarraitzeko prest.
Unibertsalak, bokazioz.
#UniversalesPorVocación #Jesuitas






