EcoLoiola 2026 · Ur bizia

Txorrota ireki eta ura iristen zaigu. Erraztasun horrek ahantzaraz diezaguke zenbat behar dugun, eta zein bestelakoa den bizitza ura falta denean edo kutsatuta dagoenean. Urak gure gorputzei, elikagaiei eta bizi garen paisaiei eusten die. Egunero ura lortzeko denbora, ahalegina edo arriskua hartu behar duten pertsonekin ere lotzen gaitu.

Ikasturte honetan, EcoLoiolak ura dohain eta ondasun komun gisa kontenplatzera gonbidatzen gaitu. Hurbilean hasten da begirada: Bilboko itsasadarrean, Urola ibaian edo Santanderko badian; betetzen ditugun edalontzietan eta partekatzen ditugun espazioetan. Eguneroko presentzia horri erreparatzeak esker ona piztu dezake. Baita galdera deserosoago bat ere: zer gertatzen da ikusten ez dugun urarekin?

Ura dago jaten dugunaren, erosten dugun arroparen eta prozesu teknologiko askoren atzean. Urarekin dugun harremana berrikusteak norberaren ohiturei ez ezik, gure obra eta komunitateen erabakiei ere begiratzea eskatzen du. Eta ur eskasia, kutsadura edo ur-ekosistemen narriadura gehien pairatzen dutenei entzutea. Etxe komunaren zaintzak sakontasuna galtzen du justiziatik bereizten denean.

Inaziotar espiritualtasunak jasotakoa eskertzera, errealitateari aurrez aurre begiratzera eta guri dagokigun urratsa bereiztera gonbidatzen gaitu. Eko-keinu batek bidea hasten lagun diezaguke, baldin eta keinu hutsean geratzen ez bada: erantzukizun bat agerian jartzea eta jardunaldiaren ondoren aldaketaren bati eustea da haren zentzua

Urriaren 5ean, otoitzerako, hezkuntzarako eta konpromisorako proposamenak bilduko ditu EcoLoiolak, «Ur bizia» leloaren inguruan. Jesuiten komunitateek, gainera, urriaren 5etik 9ra otoitz egiteko ibilbide bat dute. Ez dugu uraren krisia aste batean konponduko. Galdera bat ikasturte osoan gurekin eramatea proposatzen dugu: zer zaindu eta alda dezakegu, elkarrekin, ura guztiontzat bizi-iturri izaten jarrai dezan?

Ezagutu EcoLoiola 2026ren proposamena.

Noticias relacionadas

Donostiako familia inaziotarraren topaketa

Donostiako familia inaziotarraren topaketa

Donostiako eta Loiolako obretako berrogeita hamar bat lagunek parte hartu zuten Familia Inaziotarraren bigarren Topaketan. 32. Kongregazio Nagusiaren fedeari eta justiziari buruzko dekretuaren berrogeita hamargarren urteurrenean, esperientziak partekatu zituzten eta konpromiso horrek gaur egun beren misioari zer dei egiten dizkion galdetu zioten beren buruari.