Euskaraz
Noticias
06 de Junio de 2017
Loiolako Ignaziori buruzko filmak basilika lepo bete zuen

Jendez gainezka zegoen Loiolako basilikan aurkeztu zuten astearte iluntzean Paolo Dy zuzendariaren Ignatius of Loyola: Soldier, Sinner, Saint filma (Ignacio de Loyola: soldado, pecador, santo, gaztelerazko bikoizketan). Bertan izan ziren Mons. Jose Ignazio Munilla, Donostiako gotzaina; Juan Arregui SJ, Loiolako jesuiten burua; Eneko Etxeberria, Azpeitiko alkatea; eta Andreas Muñoz, filmeko aktore nagusia.

Arreguik esan zuenez, pelikula bat basilikan eskaintzen zen lehen aldia izango zen seguruenik, baina, Ignaziori buruzko filma izanik, merezia zuen salbuespen hori. Arreguik nabarmendu zuen bizitzak Ignazio nola kolpatzen duen azaltzen dela filmean. Ataka larri horietan pertsonek gogoeta egin ohi dugu, gizabanako modura, baina Ignaziok erakusten digu, gogoeta hori Jainkoaren maitasunaren argitan egiten badugu, zerumuga berriak azaltzen zaizkigula.

Munilla gotzainak, bere aldetik, uretara erortzen den harriarekin alderatu zuen Ignazio, hain da luze eta iraunkorra hark eragiten duen uhina. Baina, ez dezagun ahaztu —esan zuen— «san Ignazioren inguruan gertatzen den guztiaren jatorria, Jainkoa bizitzaren erdigunean jartzeko bere erabakian aurkitzen dela».

Andreas Muñoz aktorea, azkenik, hunkituta azaldu zen hitza hartu zuen unetik eta publikoaren txaloen laguntza behar izan zuen hitzaldiarekin jarraitzeko. Egindako lan gogorra gogoratu zuen eta guztiei eskerrak eman zizkien, «batez ere  esan zuen Basilikako kupulara begirada altxatuz—, zerutik laguntzen gaituen san Ignaziori».

Loiolako Santutegian aurkezturiko filma Jesuit Communications erakundearen ekoizpena da eta Jesusen Lagundiaren fundatzailearen bizitza kontatzen digu bere haurtzarotik hasi eta 37 urterekin Pariserako bidea hartzen duen arte. Soldadu handiki eta neskazalea espiritualtasunaren maisu errukitsu nola bihurtzen den erakusten digu beraz. Agerian geratzen dira ere bere gogo-jardunetarako metodoak hasiera batean garaiko Eliza gatazkatsuan jaso zituen mesfidantza eta ulertu ezinak.

Loiolako publikoa pozik atera zen, ziur asko gehienek ederki ezagutzen zuten kontakizunaz gozatu ondoren. Ekainaren 16tik aurrera baina, Iñigo soldaduak zine areto komertzialetan egin beharko du borroka, eta erronka hori, Iruñeko gazteluaren defentsa bezain beldurgarria izan daiteke.

Volver
Hospitalidad Revista Jesuitas Mensajero Facebook banner
Egunean eguneko Ebanjelioa 2017 InfoSJ Jesuitas.es Banner Rezando Voy Magis Radio Banner Ser Jesuita Espiritualidadignaciana
Inicio  -  Contacto  -  Web oficial de la Plataforma territorial de Loyola. Compañía de Jesús - 2017