Euskaraz
Noticias
27 de Junio de 2017
José María Guibertek beste hiru urtetarako berritu du Deustuko errektore kargua

 

Gaur, ekainak 27, Deustuko Unibertsitateak José María Guibert errektorearen kargu hartzea ospatu du, beste hiru urterako. Ekitaldi horretan jaso dituzte euren agiriak Álvaro de la Rica idazkari nagusiak eta errektoretza taldekoek. Talde horretan sartu da Rosa Santibáñez, Ikerketako errektoreorde berria. Gainerako errektoreordeek errepikatu egingo dute eta euren funtzioak mantenduko dituzte.

Hona hemen errektoreorde horien izenak eta ardurak: Elena Auzmendi, Ikasketen Antolamendu, Irakaskuntzaren Berrikuntza eta Kalitateko errektoreordea; José Antonio Rodríguez Ranz, Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetako errektoreordea; Juan José Etxeberria, Unibertsitateko Elkarteko eta Izaera eta Misioko errektoreordea; Víctor Urcelay, Ekintzailetza eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordea; eta Álvaro de la Rica, Nazioarteko Harremanetako errektoreordea. Taldea Gonzalo Meseguerrek osatuko du, Ekonomia eta Finantza zuzendariak.

Errektorearen hitzak

Hitzaldian zehar, José María Guibert errektoreak “Aita Gurea” otoitza hartu du inspirazio iturri, eta otoitzaren testua erabili du Unibertsitateak dituen erronketariko batzuk aurkezteko. Badaki testua ez dela unibertsitarioa, baina oinarri-oinarrizko gaiak jasotzen ditu, unibertsitateko zereginen aurreko funtsezko jarrerak ulertzen laguntzeko ere.

Hausnarketa lehenengo lerroan hasi du. “Aita Gurea, zeruetan zarena. Santu izan bedi Zure izena”. Ideia horren azpian dagoen esanahia beti handi eta zabal pentsatzea izan daiteke, epe ertain eta luzera pentsatzea, gure testuingurua kontuan harturik. Testuinguru hori zentzu zabalean ulertu behar dela uste du, mundua gure unibertsitate txikia baino handiagoa delako eta “handiak” esan nahi du gure ekintzen edo ez egiteen ondorioak ere ez ahaztea. Errektorearen aburuz, mundua globalizatzen ari da, nahiz eta oraindik ez izan nahikoa global edo nazioarteko.

Lehenengo esaldi horrek Jainkoa erdian jartzen duen kristau ikuspegiari ere egiten dio erreferentzia; bizitzan, pertsonengan, prozesuetan, ekintzetan beti konfiantzatik abiatzeko gonbidapena da. Izan ere, horixe da unibertsitateko bizitzan barneratu behar dena. Bizitzagatiko gogoberotasun hori bihurtu daiteke, alde batetik, gure identitatearen ezaugarri edo zeharkako gaitasun.

“Etor bedi Zure Erreinua” esaldian, errektoreak ”Erreinu” hitzari erreparatu dio, erlijioak munduaz arduratzea esan nahi baitu, justizia mundu honetan bilatzea, hemen eta orain. Ohikoa izaten da intelektualen artean marfilezko dorreetan egotea, gizarte eta ekonomia arloko errealitatetik isolatuta, nahiz eta unibertsitateko erakundeak ezin diren lan mundutik, gizartearen beharrizanetatik, enpresa arlokoetatik eta bestelakoetatik urrunduta urte luzeetan egon. “Munduko bederatzi eskualde garatuenek unibertsitate bat dute erdian, eta ideia horrek ez digu utzi behar ahazten Deustuk bere inguruan duen papera zein den eta zer ekarpen egiten duen”, azpimarratu du José María Guibertek.

“Egin bedi Zure nahia, zeruan bezala, lurrean ere”. Errektorearen iritziz, ideia hori bide zuzena zein den bereiztearekin dago loturik. Bide zuzen hori bereizteak bere gain hartzen du giza askatasunaren seriotasuna, beti hoberena bilatzen saiatzea. Hausnarketa hori erakundeetara aplikatzen badugu esan nahi du erakundeek beti euren izatetik ahalik eta hoberena ematen etengabe aritu behar dutela. Alde horretatik, errektoreak gogoratu du egungo plan estrategikoan, Deustu: Zerbitzua eta Konpromisoa 2015-2018 izenekoan, Unibertsitateak oinarrizko gai batzuetan hobetzea duela helburu: erakundean diharduten pertsonak, erakundearen antolaketa, titulazioak, ikasleen bizimodua, ikerketa eta gizartean duen presentzia.

Hari beretik, José María Guibertek berritzearen garrantziaz hitz egin du, norantz berritzen dugun sekula ere ahaztu gabe. “Ignaziar ikuspegian ‘magis’ hitza erabiltzen da, hau da, hoberena bilatzea, aldatzeko eta hobetzeko. Hori dela eta, beharrezkoa dugu geure buruari galdetzea lehiakorrak garen, erakunde unibertsitario gisa; baina norantz goazen eta nola goazen gogoan hartuta. Aldatu bai, baina zertarakoa jakinda”, zehaztu du.  

Unibertsitateko gorengo arduradunaren esanetan, Deusturengan pentsatuta, “Emaguzu gaur gure eguneroko ogia” esaldiak gonbidapena egiten digu bertan gozo ez geratzeko. Hona hemen bere hitzak: “Gaurko arrakastak ez du biharkoa bermatzen. Egunero egin behar dugu borroka eta hobetu behar dugu”. Horregatik dago unibertsitatea gero eta akreditazio prozesu zorrotzagoetan sartuta, batez ere nazioarte mailan. Akreditazioak etengabeko hobekuntzara bideratzen gaitu; izan ere, berritzen ez baduzu, desagertu egiten zara.

“Barkatu gure zorrak, geuk ere gure zordunei barkatzen diegunez gero” esaldiak adiskidetzearen gaia planteatzen digu, “barkatzen ikastea”. Horixe izan da Unibertsitateak aurkeztu duen azken liburuaren helburua. Memoria y reconciliación lanak Deusturekin lotutako giza eskubideen urraketak jasotzen ditu sei kapituluetan. Gure historiaren une samingarriak dira, baita itxaropenez beteak ere: gorputz eta arima aritzea, gure borroka, etika eta barkamen ereduak ere oso garrantzitsuak dira.

Unibertsitateetan gatazkak egon ohi dira; baina errektoreak uste du halako egoeretan pertsonen benetako nahia dela lan egitea, Deusturen proiektuari ekarpena egitea, elkarri laguntzea, eta ikasleei, gizarteari eta zientziari zerbitzu ematea.

Azkenik, José María Guibertek esaldi hau aipatu du: “Ez gaitzazu tentaldira eraman, baina atera gaitzazu gaitzetik”. Unibertsitateko bizitzan tentaldi ugari daudela azaldu du, baina denetatik hiru aipatu ditu. Llehenari “zailtasunei ihes egitea” deitu dio. Zailtasunak saihesteak bere eragina izan dezakeela dio; esaterako, erabaki estrategikoak kudeaketa planekin lotzen ez jakitea edo nahi ez izatea. Erabaki estrategikoak hartu egin behar dira eta kudeaketa planak egin behar dira pixkanaka ezartzeko. Tentaldiaren beste muturrean dago plan handirik gabe edo nora goazen jakin gabe kudeatu nahi izatea. Unibertsitate bikaina izateko, ez da nahiko nahi izatea, urratsak eman behar dira.

Bigarren tentaldia litzateke “eroso bizi izatearen tentaldia”. Gaur egungo unibertsitateko bizitzaren zailtasun eta erronken aurrean, erosokerian eta elkartasun faltan eror gaitezke. Adibidez, ikerketaren arloan, aurkezten diren hamar proiektuko bat lortzen da. Ikerketarik egin nahi ez izatea ekar diezaguke horrek eta irakaskuntzan soilik aritu nahi izatea, inolako berrikuntzarik egin gabe, gainera.  Irakastea ez da txarra, baina ez dadila erosokeriagatik izan eta erabat unibertsitario izateko prest ez gaudelako.
 
Hirugarrena ”elkartasun falta” da. Deustun lan egitea pribilejioa da: bitarteko ugari dugu eskura, goi mailako ikasketak egin ditzaketenei irakasten diegu, ikerketa proiektuak edo aholkularitzakoak egiten dira, irakur dezaketen eta erabakitzeko ahalmena duten pertsonentzat. Egoera horretatik abiatuta, Unibertsitateari dagokio ondo bizi direnei hobeto bizitzen laguntzea, baina baita egoerarik ahulenean dauden pertsona eta gizarte taldeak ahaldundu daitezen zer egin pentsatzea. “Gure erakundeak, berez, elkartasun ezaugarri izan behar du", nabarmendu du errektoreak.

José María Guibertek eskerrak emanez amaitu du hitzaldia, errektoretzako lehenengo agintaldian lagun egin dioten pertsonekin partekatu duen lanagatik eskerrak emanez. “Esaten da, zerbaitek funtzionatzeko, norbera baino argiagoa den bat ipintzea dela onena, norberaren menpeko karguetan. Hori soberan betetzen da kasu honetan".

Volver
Banner Más que economía Mensajero Facebook banner
Egunean eguneko Ebanjelioa 2017 InfoSJ Jesuitas.es Banner Rezando Voy Magis Radio Banner Ser Jesuita Espiritualidadignaciana
Inicio  -  Contacto  -  Web oficial de la Plataforma territorial de Loyola. Compañía de Jesús - 2017