Euskaraz
Noticias
24 de Abril de 2018
Gure misioa euskal kultura eta hizkuntzaren arloan

Apirilaren 21ean jardunaldi berezi bat egin zen Loiolako Gogartetxean, euskal kultura eta hizkuntzaren arloan Jesusen Lagundiak egiten duen lanak zein oinarri instituzional, historiko eta espiritual dituen aztertzeko. Loiolako Lurralde Plataforman martxan den Euskal kultura eta hizkuntzan inkulturatzeko sektore arteko egitasmoan jasotako aurreneko ekimenetako bat izan da topaketa. Helburua «Inkulturazioaren Oinarriak» izeneko dokumentu bat sortzea da.

Inkulturazio Batzordeak gonbidatutako hogei pertsonek parte hartu zuten topaketan. Aurretik dokumentuaren lehen zirriborro bat bidali zitzaien eta Loiolan zuzenketak eta ekarpenak egin ahal izan zituzten. Egun guztian zehar, euskara eta euskal kulturaren gaia kontuan izan eta lantzera bultzatzen gaituzten arrazoi sakonei buruz hausnartu zuten.

Kultura gutxitua eta zauritua da euskal kultura, baina aldi berean azken hamarkadetan berreskurapen eta normalizazio prozesu eredugarria bizi izan duena. Gizarte mailako lorpena den biziberritze hori hainbat jesuiten eginahalari esker ere gertatu da gainera. Bestalde, gure gizarteak sekularizazio prozesu azkarra bizi izan du, gizarteko sektore euskaldunei bereziki eragin diena gainera. Edonola ere, testuinguru honetan ere Jainkoaren presentzia antzematen dugu. 
 
Datozen urteetan sektore arteko ekimenak martxan jarri nahi baditugu euskal kultura eta hizkuntzaren inguruan, behar beharrezkoa zaigu Lagundia kulturekiko konpromisora bultzatzen duten oinarriak azaltzea —Gogojardunen iturritik edanez nagusiki— eta dei hori gure testuinguru geroz eta anitzagoan nola gauzatzen den hausnartzea. Aurretiko lan horiek egitea beharrezkoa zaigu, ondoren eraginkorrak izango diren ekimenak aurrera eraman ahal izateko sektore arteko proiektuak definitu dituen bi lan lerroetan: Lagundiaren erakundeen barruan alde batetik, eta gizartearen eta Elizaren zerbitzura bestetik. 

Lurralde Plataformako delegatu Jose Javier Pardok azpimarratu zuen Lurralde Plataformak asko duela jokoan gai honetan, izan ere, plataformaren zentzua horixe da hain zuzen: «lurralde honetako misiorako testuinguru bereziari erantzutea». Gogorarazi zuen, aldi berean, inkulturazioa ulertzeko gure moduak enkarnazioaren teologian dituela sustraiak: «Jainkoa haragi egin zen» esaten dugunean «Jainkoa kultura egin zen» esaten dugu, eta horrek esan nahi du desio dugun humanizazioa ezin dela kulturatik kanpo gertatu. Hori da Espainiako Probintziako Proiektu Apostolikoak jasotzen duen ikuspegia, probintzia irudikatzerakoan ondorengo ezaugarria aipatzen duenean: «modu baketsuan integratu behar da gure nazionalitate eta eskualde, kultura eta hizkuntza pluraltasunean, partekatzen dugun bokaziotik abiatuta».

Jardunaldi mamitsua izan zen eta gogoeta ugari utzi zituen orain Inkulturazio Batzordeak landu ditzan. Baina edukiaz haratago, topaketak berak balio handia izan zuen guztiontzat. Arratsaldean eguna amaitzerakoan esker oneko sentipenak ziren nagusi: gure izaera eta misioaren funtsezko elementuak ukitzen dituen gaia izanik, ezinbestekoa zaigu zintzotasunez erantzutea bertan azaltzen zaizkigun erronka eta kezkei. Zentzu horretan, topaketak abiapuntu ezin hobea ezarri dio aurrerantzean egiteko asmoa dugun ibilbideari.
Volver
Agenda Facebook banner TwitterSuperberria Mensajero Egunean eguneko Ebanjelioa 2018 InfoSJ Jesuitas.es Banner Rezando Voy Magis Radio Banner Ser Jesuita Espiritualidadignaciana
Inicio  -  Contacto  -  Web oficial de la Plataforma territorial de Loyola. Compañía de Jesús - 2018