Castellano
Berriak
2018ko Ekainak 11
Siriar errefuxiatuekin Xabierren eta Loiolan

Loiolako Lurralde Plataformako erakundeek asteburu honetan ospatu dituzte Hospitalitate bideak ekimeneko ibilaldiak. Ia ehun errefuxiatu siriarrekin batera ibiltzeko aukera izan dugu, haiekin esperientziak partekatuz eta agintariei hainbat aldarrikapen helaraziz.

Larunbatean siriar taldea Iruñean egon zen goizean eta ondoren Zangozatik Xabierko Santutegirainoko ibilbidea egin zuten hainbat lagunekin batera. Igandean Aizpurutxotik Loiolako Santutegira egin zuten ibilaldia. Bertan Ignacio Echarte SJ santutegiko zuzendariak egin zien ongietorria, Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Azkoitia eta Azpieitako alkateekin eta beste agintari batzuekin batera.

Echartek, bere hitzaldian, Frans van der Lugt SJ jesuita holandarra izan zuen gogoan, harentzat Loiola oso leku esanguratsua zela adieraziz. Frans van der Lugt 2014an hil zuten Sirian. Berak horrelako txangoak antolatzen zituen kultur artekotasuna sustatzeko. Bere omenez ibilaldiak antolatzeari ekin zioten siriar gazte hauek Alemanian.

Ekitaldian manifestu bat irakurri eta eman zitzaion lehendakariari hamar aldarrikapenekin: errefuxiatuen biziak eta giza eskubideak errespetatzea, asilo politika ausartago bat martxan jartzea eta kultura artekotasuna sustatzea. Lehendakariak bere egin zituen aldarrikapenak eta errefuxiatuei honakoa esan zien: “nahiago nuke hauxe dela zuen etxea esaterik izango banu”.

Santutegiko lorategian denok bazkaldu ondoren, arratsaldean kultura arteko ekitaldi eder bat izan genuen, poesia, Siriako dantzak eta Arimux taldearen emanaldiarekin. Eguraldia lagun izan genuen goiz guztian zehar, baina arratsaldean, euri zaparrada baten azpian amaitu zen festa, guztiok dantzan eta barre algaraka.

Siriar taldeak ikastetxe eta erakundeak bisitatuko ditu egun hauetan eta asteazkenean Katalunia aldera joango dira. Han Lleidatik Manresarainoko ibilibidea egiteko asmoa dute.

CASTELLANO

Itzuli
Agenda Facebook banner TwitterSuperberria Mensajero Egunean eguneko Ebanjelioa 2018 InfoSJ Jesuitas.es Banner Rezando Voy Magis Radio Banner Ser Jesuita Espiritualidadignaciana
Hasiera  -  Kontaktua  -  Página web oficial de la Providencia de Loyola - 2018