Castellano
Berriak
2017ko Urriak 31
Lehenengo jesuiten esperientzia

Egun hauetan Bilbon eta Donostian Ignaziotar Espiritualtasun Taldeak (GEI) Manresa bilduman kaleratu duen argitalpen berri baten aurkezpenak egingo dira Donostian eta Bilbon: Escritos esenciales de los primeros jesuitas. De Ignacio a Ribadeneira. Ignaziar Espiritualtasun Taldea (GEI) Espainiako eta Italiako sei jesuitek osatzen dute, guztiak teologiako irakasleak, eta bigarren lana argitaratu du, lehenengoa argitaratu eta 10 urteren buruan. Hain zuzen ere, 2007an argitaratutako lehenengo lanak, Diccionario de espiritualidad ignaciana, urte askotan zehar Ignaziar espiritualitatea aztertuz lortutako emaitza aberatsak bildu zituen. Orain, liburu honek taldeak sei urtez egin duen lana biltzen du, Ignaziar karismaren iturrien inguruan: lehenengo belaunaldiko 19 jesuiten lekukotasunetatik hasi eta Jesusen Lagundiaren lehenengo hiru kongregazio orokorretako testu batzuetara. Hautaketa horretan parte hartu dute, José García de Castroren gidaritzapean, J. Carlos Coupeau, Pascual Cebollada, Javier Melloni, Diego M. Molina eta Secondo Bongiovanni jesuitek.

Antologia horrek ale bakar eta erabilgarrian jasotzen du Loiolako Ignazioren eta lehenengo lagun haien esperientzia, doktrina eta praxi espirituala. “Ignaziar espiritualitatearen” kontzeptua zabaltzen eta sakontzen laguntzen du, oraindik ezezagun diren beste jesuita batzuen gutun, memorial, tratatu edo jarraibideekin aberastuz. Editoreek Pariseko lehenengo hamar jesuiten lekukotzak jaso nahi izan dituzte, baita Jesusen Lagundiaren jatorrian esanguratsuak izan ziren beste batzuenak ere: Frantzisko Borjakoa, Jeronimo Nadal, Juan Polanco edo Pedro Ribadeneira, besteak beste. Orri hauetan bildutako literatur idatzi aberats horietatik ondoriozta dezakegu nola ulertzen zuten elkar, zer bilatzen zuten, nola bideratu nahi zuten beren misioa eta izaera, eta nola erantzun nahi zieten garai hartako beharrei. Gaur egun oraindik ere bizirik dagoen jarduteko modu baten eraikuntza prozesua da, beraz.

Testuen hautaketa zaindu eta zehatz honek aurkezpen “pedagogiko” bat du. Idazpuruek "hitz gakoez" baliatuz laburtzen dituzte edukiak, lerrokada bakoitzaren amaieran irakurleak erraz ikus dezan testuaren argudioa. Gaien aurkibide aberatsak aukera ematen du “funtsezko espiritualitatearen” ia 900 orri hauetan jasotzen diren gai nagusiak erraz aurkitzeko.

Liburua oso lagungarria da Ignaziar espiritualitatearen eta haren jatorriaren inguruan gehiago jakin nahi dutenentzat eta karisma horren hedapenean lan egiten duten guztientzat, erretiro, hitzaldi, mintegi eta, noski, gogojardunen bidez. Lana Bartzelonan aurkeztuko da lehenengo, datorren urriaren 23an, Cristianisme i Justicia elkartearen egoitzan; Donostian, urriaren 31n; Bilbon, azaroaren 13an; Madrilen, azaroaren 21ean; eta Napolin, abenduaren 25ean.

Aurkezpenetan parte hartuko dute J. Carlos Coupeau, SJ-k; Abel Toraño, SJ-k; Jose Javier Pardo, SJ-k eta Nerea Alzolak.

DONOSTIAN 

Eguna: 2017ko urriaren 31, asteartea
Ordua: 19:30ean
Lekua: Donostiako Loiola Zentroa, Arrupe Aretoa (Andia kalea 3)

BILBON

Eguna: 2017ko azaroaren 13, astelehena
Ordua: 19:30ean
Lekua: Arrupe Etxea, A. Logendio 2

Itzuli
Mensajero Facebook banner
Egunean eguneko Ebanjelioa 2017 InfoSJ Jesuitas.es Banner Rezando Voy Magis Radio Banner Ser Jesuita Espiritualidadignaciana
Hasiera  -  Kontaktua  -  Página web oficial de la Providencia de Loyola - 2017