Castellano
Berriak
2017ko Maiatzak 24
Gogo-jardunen ibilbideak euskaraz

Orain dela urte batzuk argia ikusi zutenetik, Jainkoaren bizipenaren hastapenerako eta sakontzerako ibilbideak laguntza garrantzitsua izan dira espiritualtasun ignaziotarra zabaltzeko Jesusen Lagundiaren erakunde apostolikoetan eta beste kongregazio erlijioso, elizbarruti eta parrokietan.

Orain baliabide hauen euskarazko bertsioa argitaratu dugu espiritualtasun ignaziotarra sustatzeko atarian, Loiolako Espiritualtasun Zentroarekin eta Loiola Komunikazio Taldearekin lankidetzan. Damian Picornellen koordinaziopean, Mila Olarte, Koldo Alzibar, Josema Añon (+), Itziar Navarro eta Mertxe Martinek osatzen duten lan talde batek gogor egin du lan azken urteetan itzulpenak eta maketazioa atontzeko. Ahalegin horretarako akuilu izan dugu euskal belaunaldi berriei gure ignaziotar espiritualtasuna helarazteko gogo bizia. Ahaleginak merezi izan du ezbairik gabe.

Eskaintzen duguna Jainkoaren bizipenerako hastapeneko eta sakontzeko ibilbideak dira; alegia, ez dira gogo-jardun osoak. Ignaziotar eredua jarraituz euren bizitzetan Jainkoarekin topo egiteko ibilbide bati ekin nahi dioten pertsonei zuzendurik daude. Hartzaile posible dira Lagundiaren edozein sektoretan lan egiten duten pertsona edo kolaboratzaileak, trebakuntza ikastaroetako parte hartzaileak, gure ikastetxeetako ikasleak, etab. Gainera, dokumentu hauetan otoitz, salmo eta eskari mordoa aurkituko ditu irakurleak lehen aldiz euskaraz, mota guztietako bilera, topaketa edo erretiroetarako baliabide ederra osatuz.

Ibilbide hauen zabalkundea errazteko asmoz, doan eskaintzen dira gure gogo-jardunen atarian guztiz euskaraz dagoen atal baten barruan: http://ejercicios.espiritualidadignaciana.org. Bertara sartzeko pasahitza jaso nahi baduzu, izen eta abizenak, bizilekua, erakunde apostolikoa eta posta elektronikoa ondorengo helbidera bidali besterik ez duzu egin behar: info@espiritualidadignaciana.org

Eskerrik asko proiektu honetan lan egin duzuen guztioi, eta baita aurrerantzean misioaren zerbitzura dauden baliabide hauek ezagutarazten lagunduko diguzuen guztiei.

Itzuli
Mensajero Facebook banner
Egunean eguneko Ebanjelioa 2017 InfoSJ Jesuitas.es Banner Rezando Voy Magis Radio Banner Ser Jesuita Espiritualidadignaciana
Hasiera  -  Kontaktua  -  Página web oficial de la Providencia de Loyola - 2017